GILKITXAROREN BIOGRAFIA

GILKITXARO ANTZERKI TALDEA eskola antzerkian du oinarria. Eskolatik irten eta taldeak Deustuko Gazte Lokalean jarraitzeko aukera du. Horrela, antzerkia sortu eta egitearen grina asetzeko aukera dauka lagun talde honek.

1993an taularatu zuen bere lehenengo antzezlana BESTE MUNDUKO izenekoa. Taldea martxan jartzeko balio izan zuen obra honek. Antzerkiarekin jolasten hasi zen orduan taldea. Bizkaiko leku gutxi batzutan eskaini zuen emankizunak.

1996ko otsailaren 29an IN PORTIS INFERNORUM estreinatu zuen Deustuko Gazte Lokalean. Bertan gauzatu ziren antzezlanetarako prestaketa lanak eta entseiuak. Antzezlan honekin GILKITXARO talde bezala osatzen eta sendotzen joan zen. Euskararekiko konpromisoa egin zuen taldeak, eta,ordutik aurrera lana INFERNUKO ATARIAN izena eskuratu zuen. Euskal Herrian emankizunak euskaraz soilik egitea erabaki zuen. Ehun ekitaldi inguru eman zituen taldeak 1999ko ekainera arte Hego Euskal Herrian antzezlan honekin. Kultur etxeak, tabernak, gaztetxeak eta Korrika Kulturala bezalako jaialdietan antzeztu zen obra hau.

Urte hauetan taldearen dinamika oso bizia izan zen. INFERNUKO ATARIAN obrarekin batera, AKI NO PASA NADA, dispertsioaren aurkako antzezlana eraman zuen hamaika herritako plaza eta jaietara.

Nahitaezko etenaldi luzeegi baten ondoren GILKITXARO lanean hasi da berriz ere. Aldaketa batzuk jasan ditu taldeak. Horien artean, leku aldaketa eta aktore talde handitzea. Deustuko Erriberan dagoen Blokin etxe okupatuan egiten ditu orain entseiuak taldeak.

Beste euskal antzerki taldeekin harremanetan jarri da Euskal Antzerki Talde Amateurren Elkarteak (EATAE) Elgoibarren ospatutako topaketetan. 2000 urte bukaeran TROKAOLATARRAK antzezlana prestatzen hasi zen. 2001eko maiatzean estreinatu zuten lana eta urte betez 20 emanaldi eskaini zuten lan honekin.

 

2003ko martxoaren 13an Gilkitxarok ELEVATOR lana estreinatu zuen Deustuko Gazte Lokalean. Taldearentzat aro berri bat hasi da, hiru pertsonaietako antzezlan honekin. Dena dela, taldeak bide berrien jarraipenean lan berri bat prestatzen ari da.  Aldi berean, taldekideen artean antzerkiaren pedagogia, sorkuntza eta esperimentazioari ekiten diote.

 

2004ko hasieran taldeak norabide berria hartu nahi du. Gilkitxarok taldearentzat berriak diren antzerki elementuak biltzeari ekin dio. Dramaren arlo estetikoa eta talde irudia nagusi dira egiten diren esperimentazio lanetan. Horrela, inprobisazioetatik abiatuta antzezlan berria prestatzeari ekin zion taldeak Intxixu Ikastolak San Inazioko auzoan utzitako lokalean.  

Baina, azkenean, taldeak aurreko norabidea  hartu zuen  eta Otxarkoaga auzora doa 2006an. Bertan Elektrotuna taldearekin bat egin eta “Dena Ongi dabil” kalerako lana  prestatzen dute. Gilkitxarok bitartean “Elevator” antzezten jarraitzen du herriz-herri.

2007ko martxoaren 13an, asteartean, “Honolulu, leku bat” lanaren estreinaldia Korrika Kulturalarekin Bilboko Kafe Antzokian.

Urteek aurrera eta beste zenbait gauzek atzera egin arren, Gilkitxarok gaur egun ere  taldea sortu zen momentuko asmo, helburu eta amets berbera dauka: bihotzak eta gogoak eskatzen digun antzerkia egin eta erakutsiaz gozatzea, plazerra sentitzea, bizitzea...